SAN BALENTIN BERRIO-OTXOA

Elorrio patroia eta Bizkaiako patroi ordea.

1827ko otsailaren 14an, Elorrioko hiribildu bizkaitarrean jaio zen, eta Juan Isidro de Berrio-Otxoa eta Mónica de Arizti y Belar ziren bere gurasoak. Mutil argia bezain adimentsua zen. Nerabezaroa etxean eman zuen aitari familia aurrera ateratzen laguntzen. Horretarako, aroztegian lan egiten zuen. Txistua jotzen eta aurreskua dantzatzen ikasi zuen, bere garaiko gazteek bezala, baina bere zaletasun handia ESKUPILOTA zen. Elorrioko antzinako pilotalekuan jokatzen zuen, gaur egun arku hau dagoen lekuan, hain zuzen ere.

 

Elizmutil hasi zen Santa Anako lekaime domingotarren komentuan, eta, monasterio hartako kapilauaren bidez, lurralde urrunetako misiolarien istorioen berri izan zuen. Orduan, apaiz domingotarra izan nahi zuela esaten hasi zen.

 

15 urte zituela, apaiz izan nahi zuela esan zion aitari, baina familiaren ekonomia ez zen batere ona, eta aroztegian lan egiten geratu behar izan zuen. Hiru urte eman zituen horrela, harik eta 1845eko udazkenean Logroñoko seminarioan sartu zen arte. Bertan, lehenengo prestakuntza jaso zuen filosofiaren eta teologiaren arloan.

 

Handik bost urtera, aitak deitu zion: ez zeukan seminarioko ikasketak ordaintzen jarraitzerik, baina Balentinen prestatzaileak eta irakasleak ez zeuden ados. Ezin zuten ikasle eta apaiz on hura galdu, soilik arrazoi ekonomikoengatik. Beraz, itzuli egin zen arren, handik gutxira ministerioak eta ikasketak lanaren bitartez ordaintzeko aukera izan zuen. 1851n, apaiz ordenatu zuten.

 

Bi urtez, zeregin apostolikoak egin zituen seminarioan, zuzendari izpiritual moduan eta hiriko zenbait parrokiatan. Oso alaia zenez eta gainerakoekin gorputz eta arimaz aritzen zenez, bere fededunak bete-betean preziatzen eta balioesten hasi ziren. Ez zitzaion burutik joaten apaiz domingotarra izan nahi zuela, eta, luzaroan hausnartu ostean, 1853an Balentin Berrio-Otxoa Ocañako nobiziatura joan zen, baina gurasoei ez zien ezer esan harik eta ordenan sartu zen arte.

 

Urtebeteko nobiziatuaren ondoren, bi urte gehiago eman zituen Ocañan misioetarako prestatzen, eta, 1856an, Sevillarantz abiatu zen beste 8 domingotarrekin. Bertatik, Cadizera joan ziren Manilarako itsasontzia hartzeko, eta, sei hilabetez hizkuntza annamdarra ikasten egon ostean, fedea aditzera ematera joan ziren Tonkinera, gaur egungo Vietnamera, alegia.

 

Jazarpenen garaia zen, eta, bertan, arpilaketa, elizen suntsipena eta apaizen nahiz katekisten atxiloketa, tortura eta hilketa ziren nagusi. Misiolarien bizitza latza zen benetan: izua, klandestinitatea, etengabeko ihesa eta gogortasuna.

 

San Pedro apezpikuak oinordeko hautatu zuenean, Balentin Berrio-Otxoak gogo txarrez onartu zuen. Ezin zuen ezetz esan, prestutasuna bere izaeraren berezko ezaugarrietakoa zen-eta.

 

Amari gutunak idatzi zizkion, euskaraz, zer gertatzen zen azaltzeko. Balentin Berrio-Otxoak gertatzen zen bezala azaltzen zuen guztia. Bere gutunak lekukotasun zuzena direnez, eta xehetasun asko eskaintzen dituztenez, gaur egun informazioa daukagu sasoi hartan Elorrion zerabilten euskarari buruz. Gaur egun, gutun horiek Sortzez Garbiaren basilikan eraiki zioten mausoleo-aldarearen albo batean daude ikusgai.

Salatu eta atxilotu egin zuten Hermosilla katekistarekin eta Kataluniako beste domingotar batekin batera. Errituala ezaguna zen erabat: galdeketa, tortura, akusaziorako gonbita eta fedearen ukapena. Emaitza ere ezaguna zen: heriotza-zigorra eta burua moztea. Epaia 1861eko azaroaren 1ean bete zen. Balentin Berrio-Otxoak 34 urte zituen.

 

Martirioari buruzko albistea azkar baino azkarrago zabaldu zen. Martiriaren gorpuzkiak Elorriora ekartzeko eskaera egin zen; 1886an iritsi ziren bertora eta parrokian lurperatu zituzten. Balentin Berrio-Otxoa 1905ean aitortu zuten dohatsu, eta 1988an kanonizatu zuten Vietnamgo beste 116 martirirekin batera. Gaur egun, dohatsu aitortua izan ondoren Basilikan bertan eraiki zioten mausoleo-aldarean gordeta daude bere gorpuzkiak. 

HOBETO EZAGUTU BALENTIN
BERRIO-OTXOA MUSEOA BISITATU
  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.