Azaleratu zure alde erromantikoa

Une berezienetarako

txoko sekretuenak erakutsiko dizkizugu.

Maitasunaren iturria

Argiñetako hilerria

Mendrakako Zabua

Maitasunaren iturria

Berriozabaleta auzoa

 

Egia esan, iturri idiliko honen benetako izena Berriozabaleta iturria da. Bere egilea, Manuel Plácido  de Berriozabalbeitiak, gora eta gora egin zuen goi-mailako gizartean, harik eta Peruko erregearen epaile izatera iritsi arte. Maria Alvarez de Foronda eta  Mendive Xara Berrio anderearekin ezkondu zen. Kreolar familia honekin elkartzeak Vallehermoso eta Casapalmaren  konte tituluak emango zizkion.

 

Iturria Ameriketatik etorri ondoren eraiki zuenez, jende askok pentsatu izan du inka estilokoa dela. Are gehiago, banan banan Perutik ekarritako harriekin eraikia izan zela ere pentsatu izan ohi da, bere emaztearen herrimina apaltzeko asmoz. Hori bai maitasun keinua!

 

Bai monumentua bai bertaraino doan bidea zoragarriak dira benetan. Iturriak eta garbilekuak osatzen dute monumentua; terraza erdi-zirkularren erdian dago kokatuta, eta Urkiolako mendien ikusmira zoragarria dago bertatik. Auzoko elkargunea izateko antzokia dirudi.

Berriozabaleta iturria une berezietarako leku paregabea da. Ilunabar eguzkitsuan, Urkiola mendizerrako mendien aurrean, zelaiz eta basoz inguratutako harrizko uharte hau irudimena askatzeko leku ezin hobea da...

 

Argiñetako hilerria

Argiñeta auzoa

VII.-IX. mendetik Goi Erdi Arora arte eraikitako sarkofagoen kopurua eta kronologia kontuan hartuta, Euskadiko hileta-monumentu handienetakoa da Argiñetakoa. Honako hauexek dira Elorrioko udalerriko Zenita auzoan kokatutako multzoaren osagaiak: nekropolia, tartean sarkofago bikoitza daukaten hogeita bat pieza, bost hilarri eta XVI. mendean berreraikitako eta zenbait alditan zaharberritutako San Adrian baseliza.

 

Sarkofagoak inguruko auzoetako nekropolietan erabiltzeko egin ziren (Mendraka, Miota, Berrio), baina garai hartan udalerriko parrokoa zen Retolaza jaunak gaur egungo lekuan elkartu zituen XIX. mendean. Horrela, paraje iradokitzaile bezain erromantikoa sortu zen bertan.

Erreparatu hilarriak apaintzen dituzten zeinu astralei, eta ez galdu denboran bidaiatu izanaren sentsazio hori. Inguruko magiak ez dizu bazter zoragarri horretatik joaten utziko.

Hilerriari buruzko informazio gehiago lortzeko, fitxa jaitsi besterik ez duzu.

 

Mendrakako Kulunka

Mendraka auzoa

Elorrioko ingurune naturalerako ibilbide erromantikoa amaitzeko, gure zabu berezian jostatu ahal izango zara tarte batez. Zabuan jolasten diren guztiak 5 urte inguru gaztetzen dira berehala. Ez duzu sinesten?

 

Egurrezko zabua zuhaitz batetik zintzilik dago, bakez eta lasaitasunez inguratuta. Altuera hartzea oso zaila denez, hobe bultza egingo dizun lagunen batekin bazoaz. Altuera hartutakoan, gaztetze-prozesuaren lehenengo sintomak agertuko dira:

  • Oharkabean, itzelezko irribarrea agertuko zaizu aurpegian.

  • Haurtzaroko oroitzapenak etorriko zaizkizu burura: txikitako zure zabua, orduko lagunak, jolaskideak...

  • Halako batean, adrenalina askatu, estresa kendu eta guzti-guztia ahaztuko zaizu.

  • Sentsazio horrek betirako iraun ahalko luke, baina zurekin doanak ere igo nahi izango du zabura, eta, haren etengabeko eskabideek, mundu honetara itzularaziko zaituzte, halabeharrez.

  • Jaitsi bezain laster, berriro igo nahi izango duzu, umetan bezala.

  • Listo. Amaitu da. Zoriontsu eta gazte zaude, kremarik eta ebakuntza-gelarik erabili gabe. Ezin errazago!

Euskadin bista onenak dituen upategietako bat bisitatu eta Elorrion egindako txakolin bakarra dastatu dezakezu: Mendraka txakolina.

 

Ziur gehiago nahi duzula. Elorrioko hiribilduko ibilbide erromantikoa egin dezakezu orain.

Mapa Elorrio

Ibilbide tematiko gehiago ditugu  

Bestela, puntu interesgarri guztien mapa jaitsi eta zeure ibilbidea sortu dezakezu      

  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.

Mapa Elorrio