ERREBONBILLOAK

Urriko lehenengo igandean, "Errebonbilloak" izeneko jaia

egiten da Elorrion, eta jai bitxi samarra da...

1571. urtean, Lepantoko batailan flota kristauak turkiarrari irabazi zion, ilargi erdiak mendebaldeko mediterraneoan izandako hedapenari bukaera emanez. Bataila hartan, Elorrioko gazteek parte hartu omen zuten, eta, etxera itzultzean, ondoko Kanpanzar mendatetik jaioterria berriro ikustean hain pozik jarri zirenez, zenbait tiro bota zituzten airera, berriz etxean zirela iragartzeko irrikaz.

Gerlariak itzuli zirenean, Arrosarioko Andre Mariaren prozesioa egiten ari zirenez, harrezkero artilleria-salbak egiteko tradizioa ezarri zen irudia igarotzen zenean. Urtero, urriko lehenengo igandean, Errebonbilloek Elorrioko kaleak zeharkatzen dituzte Lepantoko bataila eta tokiko gerlarien itzulera gogoratzeko prozesioan.

Alarde militarren euskal tradizioaren barruan, kasu bitxia da benetan. Alardea osatzen duen konpainia bakarrak 12-14 gazte edo Errebonbillo ditu kide, eta kapitainaren agindupean desfilatzen dute. Gorbatatzar handi zuriaz apaindutako fraka daramate soinean; eta hiru adarreko kapela, buruan. Jaia 1575. urteaz geroztik dago dokumentatuta, Lepantoko bataila baino lau urte geroagotik, hain zuzen ere. Dena dela, ezin dugu esan alarde militar horiek hiriko kaleetan lehenago egiten ez zirenik.

Desfilea goizean goiz hasten da, goizeko seietan. Txistularien bandaren atzetik, Errebonbilloek kapitainaren zuzendaritzapean zeharkatzen dituzte Elorrioko kaleak, eta zenbait geldialdi egiten dituzte, udalerriko gune zehatzetan artilleria-salbak egiteko. Geldialdi aldagarri bakarra alkatearen etxea da.

 

Egun bereko arratsaldean, Arrosarioko Andre Mariaren prozesioa egiten da. Errebonbilloek formazioan itxaroten diote, eta artilleriako salba gehiago eskaintzen dizkiote agurtzeko. Prozesioaren ostean, plaza nagusira abiatzen dira, euskal folkloreko ohiko soka-dantza egiteko. Horren ostean, Errebonbilloen jaia amaitutzat ematen da.

Behin baino ez, 1928. urtean, ez zuten tokiko biztanleek konpainia osatu, kofradiako liburuan azaltzen den bezala: “Errebonbilloen jaia kanpoko gazte udatiarrek egin zuten”.

Jai original bezain bitxia da, alardearen tamainagatik eta haien janzkeragatik. Bertan, elementu erlijiosoak, Arrosarioko Andre Mariaren prozesioa, eta elementu zibilak, alardea bera, nahasten dira. Tradizio horrek lau mendetik gorako antzinatasuna dauka, eta, urterik urte, leialtasunez errepikatzen da urriko lehenengo igandean.

KONDAIRA ETA MITO GEHIAGO EZAGUTU
IBILBIDE HONETAN
ELORRIOKO AZOKA ETA JAI GUZTIAK EZAGUTU
  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.