Elorrioren jatorrietan zehar

Landa-inguruneko ibilbide honek ordubeteko iraupena du gutxi gorabehera. Bertan, oso elementu etnografiko interesgarriak ikusi ahal izango ditugu eta iraganean auzo horien jarduera erkidea eta inoren laguntzarik gabekoa nolakoa zen ere bai.

Ekainetik irailera, ibilbide hau bisitaldi gidatu moduan ere egin daiteke. Halakoetan, errotaren barruko aldea ezagutu eta sortzen zaizkizuen zalantza guztiak argitzeko aukera izango duzue, Dori jabearekin, Elorrio ondoen ezagutzen duten pertsonetako batekin, alegia.

Elorrioko Turismo Bulegoa: 946 820 164 / info@elorrioturismo.eus

Bainuetxe Zaharra

Bekoerrota

Olazti - Animalia probak

Zenitaolea garbilekua

Uratsa

Burdin uren iturria

Baserria

Garaia

Argiñeta

 

Bainuetxe Zaharra

Elorrioko bailara ur sufretsuaren iturburu gehien dituztenetakoa da. Bertan eraikitako osasun-establezimendu ugariak ur horren garrantziaren erakusgarri dira.

 

Bainuetxe Zaharra 1826koa da, eta, urte hartan, lehen helburu medizinaletarako ustiatutako ur horiek onura publikokoak zirela adierazi zen. Gaur egun, jatorrizko erabilera galdu dute, eta irakaskuntza-zentro moduan birziklatu da.

 

Bainuetxe egiaztatu honek ospe eta fama handia izan zuen, bertako uren onura ez ezik garraio-erraztasuna ere eskaintzen zielako bezero entzutetsuei. Bidaiariak tren nagusian (Atxuriko geltokikoan) joaten ziren Durangoraino. Bertan, 12:00etan eta 16:30ean, gurdi-zerbitzua zeukaten zain, eta bainuetxeraino eramaten zituen.

1877. urtean, bezero gehien zituen Bizkaiko bainuetxea izan zen. Bertako urak, hain zuzen ere, oso egokiak ziren arnasbideetako, eta larruazal nahiz gibeleko gaixotasunetarako.

 

Gaur egun, oraindik ere bainuetxeko bainuontzi zaharrak ikus daitezke lorategiko sarreran, loreontzi moduan erabiltzen dira-eta.

 

Bekoerrota

Auzoetako errotak komunalak ziren. Bekoerrota errotak 12 parte zituen, hau da, hamabi baserrik zuten partea errota honetan. Txandak, txanden iraupena eta erabilera-arauak idatzita eta hitzartuta zeuden, eta zorroztasunez errespetatu behar ziren, gainerako jabeei kalterik ez eragiteko.

 

Txanden taulatxoa harrizko apalean uzten zen, ate ondoan.

 

Errotak Neolitoan hasi ziren erabiltzen. Esku-errotak ziren, hau da, harria harriaren kontra. Erromatarren armadan, horrelako errota bat (manuealis) zeramaten hamar gizoneko, janaria prestatzeko.

 

Errotak kontrolatzeak herritarrak kontrolatzea zekarrenez, gerra-garaian konfiskatu edo zigilatu egiten zituzten.

PARTEAK

PRESA: Ibaiko presa txikiak ura ubidera sartzen laguntzen du.

UBIDEA: Ibaiko ura desbideratzen du, anteparara ekartzeko.

ANTEPARA: Errotan sartu baino lehen ura metatzen duen kaxa sakona da.

ERROTA: Uraren indarraz mugitzen diren errotarri hidraulikoak.

HUSTUBIDEA: Ura itzultzen du ibaira.

Errotaren barruko aldea ikusi nahi baduzue, bisitaldi gidatua kontratatu dezakezue turismo-bulegoan.

Dorik, errotako jabeak, jakin nahi duzuen guztia eta gehiago azalduko dizue...

 

Elorrion, animalia-demei edo animalia-probei buruzko lehenengo albisteak 1895. eta 1896. urteetakoak dira. Hiribildua bera oso harro dago Bizkaia osoko harri antzinakoena dagoelako bertan. 1859an landutakoa da, hain zuzen ere.

 

Zelai honetan (Olazti), tokiko hariztian, animalia-probak egiten ziren auzokoen artean. Horretarako, ez zituzten idiak erabiltzen, ez zelako ohikoa etxean idia edukitzea. Horregatik, behiak edo dena delakoa erabiltzen zituzten.

Apustuak handiegiak ez baziren ere, oso garrantzitsua zen irabaztea. Batzuetan, lehia berotzen zenean, herri osoaren aurrean egiten ziren probak, Elorrioko probalekuan (gaur egungo azoka-gunean).

 

Aisialdi-gune hori gizonena zen. Igandeetan, mezaren eta txikito batzuen ostean, apustuak egiten zituzten animaliekin.

Olazti - Animalia probak

Oraindik ere, Elorrioko jaietan (Ferixa Nagusikoak) egiten da kirol hau. Begiratu AGENDAN zer egunetan egiten den.

 

Herri-kirolak gustuko badituzu, IDI-PROBAK atala bisitatu.

Emakumeek, ordea, ez zuten batere gustuko baserriko lanetarako funtsezkoak ziren animaliak haientzat kaltegarria izan zitekeen jokoan erabiltzea. Animalia galduz gero, ondorioak oso larriak izan zitezkeen baserriarentzat.

 

1956. urtean, Zenitako auzotarren arteko azken lehia egin zen. Goialdekoak eta behealdekoek askaria eta ardoa jokatu zituzten Elorrioko probalekuan, eta behealdekoak irabazi zuten. Villarriba eta Villabajon bezala.

Zenitaolea garbilekua

 

Garbilekuak XIX. mendetik aurrera ugaritu ziren batik bat, tifus-izurritearen ostean oso garrantzitsuak zirela konturatu, eta higieneaz arduratzen hasi zirenean. Arropa garbitzeko garbileku hauek, oro har, baserritik kanpo kokatuta zeuden.

 

Batzuk pribatuak ziren; eta beste batzuk, auzokoak. Hori dela eta, elkargunea eta txutxu-mutxuen lekua ere baziren emakumeentzat.

Garbileku inguruetan begiratzen baduzue, azeri buztana (equisetum arvense) izeneko sendabelarra aurkituko duzue seguruenik.

Oso landare primitiboa da, iratzeekin dago lotuta eta esporen bidez ugaltzen da.

​Arazgarri onenetakoa omen da honakoen tratamenduan erabiltzeko: loditasuna, larregizko azido urikoa, artritisa edo hezueria, eta gernu-aparatuko gaixotasunak.

Uratsa

 

Ur kirasduna edo usain txarrekoa esan nahi du. Casto de Zabala jaunak eraiki zuen 1900. urte inguruan, eta beste iturburu bat edukitzeko azken saiakera izan zen, Bainuetxe Zaharra edota Galartzako Bainua bainuetxeak handiagotzeko orduan. Parisko 1878ko Erakusketan, bainuetxe horretako urek brontzezko domina eta ohorezko aipamena jaso zuten.

Hiribilduko ostatu eta baserrietan 300 bainularik hartzen zuten ostatu (bainuetxeetakoak kontuan hartu gabe).

Urak oso egokiak ziren larruazaleko, arnasbideetako eta gibeleko gaixotasunetarako. Ez zara apur bat edan gabe joango, ezta?

Gorbeiako lehenengo gurutzea ere Casto de Zabalaren proiektu batean oinarritutakoa da.

 

Burdin uren iturria

Bertako urek okre koloreko ubera deigarria uzten dute, airea ukitzean sortzen den oxidoagatik.

 

Oso ur egokiak dira anemietarako (burdin faltarako). Dena dela, badago alde txarrik, ur honek metal-zaporea duelako. Edonola ere, merezi du edatea, efektu bizkorgarriak ditu-eta.

Bolintxoko harria

Zenitaldekoa baserriranzko bidean, errota bateko azelinak eta errotarriak ikus daitezke.

Elementu horiek Bolintxo izeneko errotakoak ziren. "Bolua" hitzak errotarria esan nahi du, eta latineko "mola" hitzetik dator. Errota horren izena Bolintxo zen (diminutiboan), gainerakoek baino harri txikiagoak zituelako.

 

BASERRIA, El Caserío

Baserria Euskadiko landa-inguruneko herri-etxea da.

 

Familia bakarreko eta erabilera anitzeko etxebizitza independenteak ziren, eta euren burua hornitzeko gaitasuna zeukaten.

 

Baserria ez da eraikin soil bat; etxebizitza, ukuilua, tailerra, biltegia, dolarea eta bertan bizi diren pertsona nahiz animaliak ere badira baserria. Erkidegoarekiko zenbait eginbehar dakartza baserriak, bai eta zenbait eskubide ere (auzo basoak eta bazka komunalak, kofradiako jarlekua, errotetako parteak, ehorzlekua...).

 

Bestetik, baserrietako fatxada ekialdearen eta hegoaldearen arteko arkurantz begira dago beti. Halaxe da beti, eta bost axola auzokoari bizkarra ematen bazaio.

Baserria kokagune duen ingurunean bete beharreko eginkizunetarako etxe aproposena da. Munduko landetxe onenak dira. Eraikuntzako profesionalek eraikitzen zituzten. Planoak egin eta obra osoaz arduratzen ziren arkitektoek, alegia. Proiektu moderno bezain profesionalak ziren.

 

Ez dago baserri-prototiporik, ahalmen ekonomikoaren eta ekoizpenaren espezializazioaren arabera oso ugariak direlako.

Garaia (Garaixe)

 

XVII. mendearen hasierara arte eraiki zituzten, eta munduko zaharrenetarikoak dira. Urteen joan-etorrian, ARNAGA bihurtu dira.

 

Funtsean, gerora arto amerikarrak ordezkatuko zuen zereala gordetzeko erabiltzen ziren. Garia garestiegia zen, eta, azkenean errentak ordaintzeko bakarrik erabili zen.

Balendin de Lasuenen esanetan, halakoxea zen Bizkaiko garaia edo garaixe:

 

Argiñeta

SAN ADRIAN BASELIZA

San Adrian baseliza XVI. mendean berreraiki zuten, eta, horren ostean, zenbait aldiz zaharberritu dute. Bertan, XVII. mendeko harri-zola nabarmentzen da, ageri-ageriko balio artistikoa dauka-eta.

Hasierako auzuneetako baselizak eginkizun erlijiosoak betetzen zituen, baina, horrez gain, hildakoentzako ehorzlekua eta erkidegoarentzako bilgunea ere bazen, arazoak edo gai zibilak jorratzeko orduan. Erkidegoaren eremu erlijioso eta zibila kofradia zen (frade = anaia).

Herrixka horietan, eliza elementu biltzailea zen. Erreferente kolektiboa zen: eraikin publiko eta seguru bakarra zen, eta, elizkizunen ostean, bizilagun guztiak kontzejuan batzartzen ziren bertan, baterako erabakiak hartzeko.

Lurraldea antolatzeko modu horrek aldaketa handiak izan zituen 1050. urtetik 1200. urtera bitartean; garai hartan, izan ere, gaur egungo udalerrien berehalako aurrekariak diren elizateen sorreran lehenengo urratsak eman ziren.

 

ARGIÑETAKO HILERRIA

VII.-IX. mendetik Goi Erdi Arora arte eraikitako sarkofagoen kopurua eta kronologia kontuan hartuta, Euskadiko hileta-monumentu handienetakoa da. Honako hauexek dira multzoaren osagaiak: nekropolia, tartean sarkofago bikoitza daukaten hogeita bat pieza eta bost hilarri.

 

Sarkofagoak inguruko auzoetako nekropolietan erabiltzeko egin ziren (Mendraka, Miota eta Berrio), baina garai hartan udalerriko parrokoa zen Retolaza jaunak gaur egungo lekuan elkartu zituen XIX. mendean. Horren ondorioz, paraje iradokitzaile bezain erromantikoa sortu zen bertan.

 

Erreparatu hilarriak apaintzen dituzten zeinu astralei, eta ez galdu denboran bidaiatu izanaren sentsazio hori. Inguruko magiak ez dizu bazter zoragarri horretatik joaten utziko.

Gogoan izan ibilbide hau bisitaldi gidatu moduan ere egin dezakezula. Halakoetan, errotaren barruko aldea ezagutzeko eta sortutako zalantza guztiak Elorrio ondo baino hobeto ezagutzen duen norbaitekin argitzeko aukera izango duzu.

 

Recuerda que esta ruta también se puede hacer como visita guiada. En este caso, tendrás la oportunidad de conocer un molino por dentro. ¡No pierdas la oportunidad!

Mapa Elorrio

Ibilbide tematiko gehiago ditugu  

Bestela, puntu interesgarri guztien mapa jaitsi eta zeure ibilbidea sortu dezakezu      

  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.