Berrio-Otxoaren abenturak

Ibilbide honetan, Elorrioko pertsonaia ospetsuenarekin egingo duzu bidaia. Vietnam eta Filipinetaraino iritsiko zara, emozioz betetako 6 geldialditan. Bidaia zoriontsua egin munduan zehar!

Jaiotetxea - Arriola Jauregia

Bere bizilekua

Sortzez Garbiaren Basilika

Santa Ana Komentua

Berrio-Otxoa Museoa

Elorrioko pilotaleku ohia

Turismo Bulegoa Elorrio
 

Jaiotetxea - Arriola Jauregia

Berrio Otxoa

San Balentin Berrio-Otxoa 1827ko otsailaren 14an jaio zen gaur egun turismo-bulegoa dagoen jauregi honetan. Bere izen osoa Valentín Faustino de Berrio Otxoa y Aristi da; halaxe bataiatu zuten eliz parrokian.

 

Juan Otxoa de Arriolak eman zuen XVII. mendearen hasierako jauregi barroko hau eraikitzeko agindua. Forjazko baranda interesgarria daukan hegal-balkoi ederrean, familia horren armarria dago ikusgai.

Etxeko lehenengo solairuko balkoian, honako inskripzio hau agertzen da: "Balentin Berrio-Otxoa etxe honetan jaio zen 1827ko otsailaren 14an". Diseinu xumea eta kalitatezko eraikuntza dira etxebizitza honen ezaugarri bereizgarriak.

Turismo-bulegoan sartu eta behar duzun informazio guztia eskatu.

 

Bere bizilekua

Berrio Otxoa

Berrio-Otxoa etxe honetan bizi izan zen Juan Isidro Berrio-Otxoa (1801, Elorrio) eta María Mónica Arizti (1797, Antzuola, Gipuzkoa) gurasoekin. Familia umila zen, eta zurgintzan ziharduen. 

 

18 urte zituela, Logroñoko seminarioan sartu zen, baina ikasketak eten eta Elorriora itzuli behar izan zuen familiaren premia ekonomikoei aurre egiteko. Bere adiskideen laguntzaz, seminariora itzuli, eta, 1851ean, apaiz ordenatu zuten. Geroago, Asiako misioetara bidali zuten: Filipinetara lehenengo eta, Vietnamera gero.

Sasoi hartan, Tu-Duc erregeak krudelkeriaz jazartzen zituen kobazulo nahiz txaboletan ezkutuan bizi ziren misiolariak, bere ustetan Europako gobernuekin bat egin zutelako, bere erresuma okupatu eta kolonizatzeko lanetan

San Balentin Berrio-Otxoaren biografiari buruzko xehetasun gehiago jakiteko, esteka honetan sakatu.

 

Sortzez Garbiaren Basilika

Elorrioko plazan

Elorrioko Basilika Bizkaiko handiena da, duen bolumenagatik, eraikuntzaren kalitate handiagatik eta barrualdeko altzari zoragarriengatik. 29 metroko edertasun arkitektoniko honen eraikuntza-lanak 1464an hasi ziren, estilo gotiko berantiarrean, eta bi mende baino gehiago behar izan zituzten amaitzeko. Kanpandorre bikaina Sevillako Giraldaren erreplika da, eta elorriarren debozioari esker eraiki ahal izan zen. Baina jarrai dezagun gure bidaiarekin...

Aldare-mausoleoa

 

Benetan merezi du aldare honen xehetasun guztiak arretaz mirestea. 1906. urtean eraiki zuten, Berrio-Otxoa, gure protagonista, dohatsu aitortu zutenean. Ikus dezakezunez, estiloak ez dauka inolako zerikusirik Basilikako gainerako altzariekin, aldarea modernoagoa eta ekialdeko inspiraziokoa delako. Aldareko mosaikoan, misiolariaren heriotza dago irudikatuta. Soilik kokoriko egon zitekeen banakako kaiola txikietan giltzapetu zutela ikus daiteke bertan. Beste misiolari batzuekin batera hil zuten, Vietnamen, fede kristauari uko egin nahi izan ez ziolako.

 

1886ko ekainaren 7an, bere gorpua iritsi zen Bartzelonara, eta, bertan bizkaitar asko izan zituen zain. Sabino Arana bera ere han zegoen, eta inskripzio hau jartzeko eskatu zuen: "Berrio Otxoa Barzelona'ko Euzkaldunak. 1886garren urtean Bagillan". Bertatik, Elorriora bidali zuten, eta jai handi batekin egin zioten harrera, Bizkaia osotik etorritako ordezkariak bertan zirela. Gaur egun, bere gorpuzkiak aldare honetako kutxatila nagusian daude gordeta.

Elizaren atzeko aldera joanez gero, Monolito bat ikusi ahalko duzu.

Jose Luis Valenciagak brontzean egindako monumentua da.

Diseinua, ordea, Matilde Roca de Togoresek egin zuen.

 

1988. urtean jarri zuten bertan, Berrio-Otxoa kanonizatu egin zutela ospatzeko, elizaren atzeko lursaila urbanizatzeko lanak egin ostean.

Ezagutu   SORTZEZ GARBIAREN BASILIKA,  sakonki.

Amari idatzitako gutunak

Etxetik eta familiatik urrun egon zenean, amari euskaraz idatzi zion etengabe. Horri esker, 1840an euskaraz idatzitako agiriak ditugu, eta, bertan, Elorrioko berezko euskara agertzen da, baita bere hizkuntza-ezaugarri bereizgarriak ere. Gutun horietako bat erretaularen alboko horman dago jarrita.

 

Gutun horietan, oso berezia zuen umore-sena antzematen da; esate baterako, amari berari lastozko teilatua, lurrezko hormak eta kanaberazko ateak dituen “jauregi zoragarrian” bizi dela diotsonean.

 

Santa Ana Komentua

Elizburu kalea 4

Hamar urte zituenetik, Berrio-Otxoa bost urtez egon zen elizmutil, lekaimeen Santa Ana komentuan.

 

1699. urtean eraiki zuten komentua, eta, hasieran, honako elementu hauek zituen multzoak: eliza, komentua, gramatikarako nahiz latinerako ikasgelak (Berrio-Otxoak bertan ikasi zuen) eta kapilauentzako etxea. Gaur egun, komentuaren beheko solairuan Berrio-Otxoa Museoa dago.

 

Gaur egun, klausurako lekaime domingotarrak bizi dira bertan, eta oso adituak dira gozogintzan. Haien mostatxoiak dastatu behar dituzu ezinbestean. Sabaitik zintzilik dagoen txirrinari eraginez gero, "Agur Maria Sortzez Garbia" esango dizute, eta "Bekaturik gabe sortua” erantzun beharko duzu.

Pozaren pozez geratuko dira haien artisau-gutiziaren bat badaramazu. Mostatxoiak ez ezik, era guztietako tartak ere egiten dituzte. 3 hamarkada baino gehiago daramatzate ahosabaiak gozatzen.

Erreparatu komentuaren aurrean dagoen eskulturari. San Balentin Berrio-Otxoa bera da. 1991. urtean egin zuen Alberto Forasterrek, 1988an Berrio-Otxoa kanonizatu zutela oroitzeko.

Santa Anako lekaimeen artisau-gozokiei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan sakatu.

 

Berrio-Otxoa Museoa

Elizburu 4

Komentuan bertan, San Balentin Berrio-Otxoaren omenezko museoa dago. Museoan, haren bizitzarekin lotutako objektu eta agirien bilduma berezia dago erakusgai.

 

2003an, gaur egungo instalazioak ireki zituzten, eta, bertan, santuak familiarekin Elorrion bizitako lehenengo urteen eta Logroñoko seminarioko prestakuntza-prozesuaren erakusketa ikus daiteke. Gero, Filipinetara joan zen, misiolari egon zen Vietnamgo Tonkinen, 1862an bere martirioa gertatu zen, eta, azkenik, bere erlikiak ekarri zituzten Bizkaira.

 

Bisitaldiaren amaieran, santua dohatsu aitortzeko eta kanonizatzeko prozesuari buruzko panelak daude ikusgai.

Honako hauxe ikusi ahal izango duzu ibilbidean: agiriak, argazkiak, mapak, testu autografoak, pinturak, urregintzako piezak, ehunak eta Bizkaiko baterako zaindaria den San Balentin Berrio-Otxoaren bizitzarekin eta lanarekin zuzenean lotutako zenbait gauza.

Helbidea: Elizburu 4 - 48230 ELORRIO

Telefonoa: 946 82 04 55 / 629 65 34 18

e-posta: info@museoberrio-otxoa.com

web orria: www.museoberrio-otxoa.com

Ordutegia

Astearte, ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan: 11:00-13:00 / 16:00-18:00

Bisitaldi gidatuak aurretiaz eskatu behar dira telefonoz.

DOAKO sarrera

 

Pilotalekua

Arriola kalea

San Balentin Berrio-Otxoaren kirol gustukoena eskupilota zen.

 

Txikitatik, Elorrioko pilotaleku zaharrean jokatu zuen. Orain, bertan, hiru arku eder daude ikusgai, eta, hala badirudi ere, ez dira harresiaren osagaiak.

Pilotaleku berria 1933an eraiki zuten, eta, elorriarrek kirol hori oso-oso gustuko zutenez, urte horren inguruan jaio eta Errekakalean bizitako 3 gizon zenbait liga eta kategoriatako txapeldunak izan ziren: Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Alvarez.

Mapa Elorrio

Ibilbide tematiko gehiago ditugu  

Bestela, puntu interesgarri guztien mapa jaitsi eta zeure ibilbidea sortu dezakezu      

  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.