SORTZEZ GABIAREN BASILIKA

Hiribilduko ondare artistikoko monumentu aipagarriena da,

baita Euskadi osoko arkitektura erlijioso errenazentistako bikainenetakoa ere.

Eraikin nabaria da, oso handia delako (ia 50 metroko luzera eta 25 metroko zabalera ditu), kalitatez eginda dagoelako eta altzari ezin aberatsagoak dituelako. Emaitza, beraz, nahikoa homogeneoa da, bere historia luzea bezain konplexua bada ere.

 

Oro har, hiru etapa bereizi behar dira Basilikaren garapen historikoan:


Etapa gotikoa: 1464an hasi eta 1530ean amaitu zen, eta bere jatorriarekin zein hasierako proposamenarekin bat dator. Gutxien ezagutzen dena da, eta epealdi honen amaierakoak dira portada biak, bai eta plazara begira dagoen iparraldeko arkupea ere.


Etapa errenazentista: 1530ean hasi eta 1620an amaitu zen, eta, bertan, eraikinaren funtsezko elementuak zehaztu ziren. Hormak amaitu, leihateak ireki, izugarrizko zutabeak eraiki eta gangak itxi ziren.


Etapa barrokoa: 1620an hasi eta 1767an amaitu zen. Bertan, eraikinaren zenbait osagarri egin ziren; esate baterako, korua edo kanpandorrearen goiko aldea eta sakristia, baina, batez ere, fase honetan oso garrantzitsua izan zen tenpluko altzariak jartzeko zeregina, aulkiak eta bederatzi erretaulak ordukoak dira-eta.


Ondoren, San Balentin Berrio-Otxoaren mausoleo-aldarea egin zen XX. mendearen hasieran.

ETAPA GOTIKOA

Oso-oso informazio gutxi daukagu etapa honi buruz: iparraldeko arkupean agertzen den inskripzioko datuak, eta gurtzako zerbitzuari dagokionez hiribilduko kontzejuaren eta tenpluko patrono ziren Ibarratarren arteko eztabaidei buruzko agiri batzuk baino ez.

 

Aipatutako inskripzioaren arabera, elizako obrak 1464an hasi ziren, hiribilduko bizilagunek Etxebarriko San Agustin elizako mezetara ez joateko euren tenplua eraikitzea erabaki zutenean. Horretarako, erdialdetik oso urrun zegoela argudiatu zuten, eta eguraldia txarra zegoenean hara joatea oso nekeza zela.

1517. urterako, badakigu organoa eta erlojua zeudela bertan. Ordurako, estilo gotiko berantiarrekoak diren bi portadak amaituta zeuden. Portadaren garai berekoa zen, baita ere, sarbideko albo banatan jarritako arkupearen egitura. Oinaldeko portada, ostera, modernoagoa da, eta apaingarri gehiago ditu.

ETAPA ERRENAZENTISTA

Interpretazio ohikoenaren arabera, obrak astiro-astiro zihoazenez, 1550. urtean-edo planak aldatu egin ziren, hasierako proiektu gotikoaren ordez altuera berean dauden hiru habearteko gaur egungo eliza errenazentista egiteko.

XVI. mendearen erdialdetik obrari buruz ditugun agiriei esker, badakigu garai hartan Mutrikuko Pascual de Iturriza hargina zela obra-burua. Izan ere, badirudi Pascualek berak aldatu zuela hasierako plana Hallenkirche erako elizaren edo areto-elizaren mesedetan, hau da, ganga guztiak altuera berean dituen eliza egiteko. Horrez gain, hormak amaitu eta 18 metrotik gorako zutabe harrigarriak ere eraiki zituen.

Besteak beste, euskarriak eta argiztapenerako baoak izan dira tenpluari estilo errenazentista eman dioten elementu nabarienetakoak.

 

ETAPA BARROKOA

 

Gero, koruko obrak egin ziren Juan de Barasibarren zuzendaritzapean, 1632an Rafael de Garaizabalek amaitu zituen arren. Harrizko bi eskailera ditu sarbidean, gurutze-formako zutabe txertatuetan dago sostengatuta, eta hiru arku trazatzen dira bertan. Erdiko arku eskartzanoa zabal-zabala denez (hamahiru metro baino gehiago ditu), zalantza zegoen, ea behar bezain egonkorra izango ote zen. Sendoa zela egiaztatzeko, Garaizabal klabearen azpian jarri zen inolako arazorik gabe, eraikuntzarako erabilitako euskarriak kendu zituztenean. Ostean, aulkiteria egin zen, modu nahikoa zurrunean; zati bat baino ez da mantentzen, gaur egun.

 

Kanpandorrea da tenpluko beste elementu nabarienetako bat, oso garaia delako (57 metro inguru ditu) eta inspirazio andaluziarreko diseinu berezia duelako. Izan ere, Sevillako katedraleko Giralda dakarkigu gogora. 1661ean hasi ziren egiten (mende bat geroago-edo), eta 1672an amaitu zuten. Elizako kanpandorrea auzokideen limosnei esker eraiki zen. Limosnarik eman ezin izan zutenek materialak garraiatu zituzten, baita jaiegunetan ere, eta obran parte hartu zutenei induljentzia eman zitzaien berrogei egunez. Proiektu soil bezain dotorea da, eta kobalto-urdinezko zeramika plakak dira bere bereizgarrietako bat (ezaugarri hori ezohikoa zen Bizkaiko arkitekturan).

 

Goiko kupulan, Jerónimo de Yermok landutako egurrezko giralda jarri zuten. 1707an, ordea, desagertu egin zen, Felipe V.aren lehenengo semea jaio zela ospatzeko asmoz buruan jarri zioten gantz-kandela kontsumitzean. 1717an elementu hori berreskuratu nahi izan zutenez, giralda berri bat jarri zuten. 1756an, haren euskarria konpondu zuten, eta, 1831n, oinaztargi batek suntsitu zuen. Hala ere, Esteban Capelasteguik diseinatutako 5 metroko altuerako hirugarren giralda bat ere jarri zuten, Fama hegodunaren alegoria, hain zuzen ere. Tronpeta eta TOTA PULCRA EST MARIA zioen banderatxoa zeramatzan eskuan. Beste oinaztargi batek bertan jo zuenean ikaragarri okertu zenez, behin betiko desmuntatzeko erabakia hartu zuten 1847. urtean.

 

Etapa barroko honetan, beste obra batzuk ere egin zituzten, hegoaldeko arkupekoak, esaterako. Bertako harrizko zutabeak Antonio de Rementeriak landu zituen, 1679an. Urte horretan bertan, presbiterioa zaharberritu zen: ordura artekoa gaur egungo maila baino lau metro gorago zegoelako, nonbait.

 

XVII. mendea amaitu baino lehenago, 1695ean, sakristia zaharra egiten hasi ziren (gaur egun eguneroko kapera dena).

 

ALTZARIAK

 

Gaur egun Basilikan dauden erretaula guztiak barrokoak dira, zaharragoa den irudiren bat badago ere; esate baterako, 1520. urte inguruan egindako Gurutzatuaren taila gotiko berantiarra, edo ikonografia bereko beste irudi bat. Azken hori, gainera, oinetan tibia gurutzatuak dituen gurutze begitsuaren gainean dago jarrita, eta Errenazimenduko lehenengo fasekoa da.

 

Dena dela, inolako zalantzarik gabe, erretaula bikainenak presbiteriokoak dira: nagusia eta alboetako biak, hau da, San Migelen eta San Pedroren omenezkoak. Izan ere, benetan multzo ikusgarria osatzen dute, Bizkaia osoko barroko-rokokoko bikainetakoa, alegia. Bere eraikuntzaren historia luzea bezain konplexua den arren, erretaula rokokoa bikaina da benetan. Oinplanoa mugitua dauka, ia-ia absidean “txertatuta”, eta oso-osorik okupatzen du altzariak, hiru kale eta bi gorputzen bidez.

 

Era berean, erakustoki-tenpletea ere aipatu beharra dago. Mahats-hostoak eta galburuak dituzten aingeruak ditu inguruan; eta bertute teologalak, goiko aldean (karitatea, ezkerretara; itxaropena, eskuinetara; eta fedea, gailurrean). Ikonografiaren osagarri, dozena erdi apostolu agertzen dira; eta, oskolean, San Juan Bataiatzailea bere bildotsarekin, San Joakin, eta Santa Ana. Bestetik, Gabriel goiaingerua, Zaintzako aingerua eta Betiereko Aita daude goi-goian. Azken horiek (Ontañónena ere baden bataiatzailea izan ezik) Juan de Munar eskulturagileak egin zituen.

 ​

MAUSOLEO-ALDAREA

Basilikako altzariak are gehiago aberastu ziren XX. mendearen hasieran, elementu berri bezain bereizgarria egin zutenean: San Inaziorekin batera Bizkaiko zaindari santua den San Balentin Berrio-Otxoaren mausoleo-aldarea. San Balentin Elorrion jaio zen, eta bere gorpuzkiak 1886an iritsi ziren jaioterrira.

 

1906an, dohatsu aitortu zutenean, Bizkaiko Aldundiak mausoleo-aldare hori egiteko lehiaketarako deia egin zuen, eta Manuel María de Smith Ibarrak eta Marcelino de Arrupek aurkeztutako proiektuak irabazi zuen. Gero, Parisko “Fachinna y Maumejean” enpresak egin zuen. Mosaiko ikusgarrian, 1861ean Tonkinen gertatutako bere martirioa dago irudikatuta. Lan bikaina da benetan, bere tamainagatik eta arkitektura exotikoagatik. Hain zuzen ere, urre-koloreko teilatu goratuek ekialdeko tenpluak dakarzkigute gogora. Era berean, edertasunez apaindutako elefante-buruak dituen dekorazioa ere nabarmendu beharra dago.

 

Berrio-Otxoaren hezurrak goiko aldean dagoen metalezko kutxatilan daude gordeta. Santuaren irudi etzana, ostera, geroagokoa da, 1925ekoa, alegia.

TESTUA: Jesús Muñiz Petralanda

TESTUA OSO-OSORIK JAITSI >

BASILIKARI BURUZ GEHIAGO     
GIRALDATXOARI BURUZ GEHIAGO     
EZAGUTU
BERRIO OTXOA 
  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.