Azaleratu zure alde erromantikoa

Ibilbide honi esker, hiribilduko jauregi eta lorategi erromantikoenak ezagutu ahal izango dituzu. Horrez gain, Elorrio inguruko landa-ingurune zoragarria ezagutzeko ibilbidea ere egin ahal izango duzu.

Arespakotxaga Jauregia

Arespakotxaga Azkarraga

Zearsolo Jauregia edo “Jara etxea”

Olazabal Jauregia edo “Modet”

Bainuetxeak

Urkizu Aldatsekua Jauregia

Urkizu Tola Jauregia

 

Eraikinaren izkinan, familiaren armarria ikus daiteke. Armarriak, hain zuzen ere, Bizkaian jaiotakoei foruak emandako kaparetasunaren eta familien posizio sozialaren lekukotasuna ziren.

Arespakotxaga Jauregia

1620an, Martín de Arespakotxagak hiribilduko antzinako hiru lursailen gainean jauregia eraikitzeko agindua eman zuen, eta, horretarako, harresia eraitsi behar izan zen. Hori dela eta, jauregia harresiko ateetako bati atxikita dago. Kanpokaleko Ateaz ari gara, hau da, harresiko 6 irteeretako bat.

 

Gaur egun, bi ate baino ez daude bere horretan, aipatu berri duguna, eta Ibaiko atea (Iñurrieta kalearen amaieran, ibaiaren alboan dagoena).

 

Inguratu jauregia, eta erreparatu atzeko fatxadako lau arkudun egutera ederrari, gutizia arkitektonikoa da-eta. Landaren, eguzkiaren eta iragaitzaren gozamena ezin hobeto gorpuzten da jauregi honetan.

Arespakotxaga Txikia izeneko etxea, era berean, jauregiaren parte zen. Zerbitzuak baino ez zuen erabiltzen, eta, bertan, Kantarik Ederrenaren honako bertsoa dago irakurgai: “Sub umbre illius quem desideraveram sedi” (desiratu nuenaren gerizpean eraiki nuen); izan ere, ohorea da halako jauregiaren ondoan egotea.

Calle Kanpokale

 

Arespakotxaga Azkarraga

San Pio Kalea

Jauregi barroko bikaina da. Juan de Arespakotxaga y Azkarragak eman zuen eraikitzeko agindua, 1666an, familiaren orube zahar baten gainean. Lorategira begira dauden hiru arkuak ezin ederragoak dira. Fatxadan bertan, lautan banatutako armarria nabarmentzen da. Atal (kuartel) bana abizen bakoitzeko: Arespakotxaga, Azkarraga, Andueza eta Urkizu.

 

Jauregia eraikitzean, Durangorako bidea iparralderantz desbideratu behar izan zen apur bat.

 

Arespakotxagatarren leinuak dirutza egin zuen Udalatx menditik atera, eta Andaluzian eta Indietan merkaturatutako burdinari esker.

Arespakotxagako Juan Bautista Santiago ordenako zalduna eta Felipe IV.a erregearen idazkaria izan zen Bizkaiko Gerra Kontseiluan. Familia horretako zenbait kidek, gainera, Baezako setioan borrokatu zuten; beste batzuk, berriz, Santiago zein Alcántara ordenetako zaldunak izan ziren, bai eta Elorrioko alkateak ere, behin baino gehiagotan. Beraz, kargu eta negozio horiei esker aberastu zen familia. Aberastasun horren adibidea zeure begiez ikusi ahal izango duzu.

Armarria: Elizburu kalea, Santa Ana komentuaren aurrean.

Lorategia eta galeria: San Pio kalea.

Puntu horretan, jauregi barrokoei buruzko panela ere badago ikusgai.

Zearsolo Jauregia edo “Casa Jara”

Berrio-Otxoa 2 / Elizburu kalea,  lorategia ikusteko.

 

Elorrio erdigunean dagoen jauregi ikusgarriena da, bere tamainagatik, burdinsareengatik, sarreragatik, armarriengatik eta atzealdean daukan lorategiagatik. Denboran oso banatuta dauden bi esku-hartzeren emaitza da eraikin eder hau.

Berrio-Otxoa kaleko fatxada XVII. mendeko jatorrizko jauregiari (Zearsolo) dagokio, eta zurrunagoa da. Plazara begira dagoen fatxada, ostera, 1934koa da, hau da, 300 urte beranduago eraikitakoa.

Ea bien arteko aldea ikusteko gai zaren. Zoaz lorategiaren atzeko aldera. Bigarren solairuan, hiru arku zoragarri nabarmentzen dira, eta fatxadaren zati bat landare igokariz estalita dago. Zoragarria benetan!

Etxeko sarrera Berrio-Otxoa kaleko 2. zenbakitik eta plazatik ikus daiteke.

Lorategia ikusteko, Elizburu kaleraino igo beharra dago.

 

Olazabal Jauregia edo “Modet”

Elizburu kalea 46.

1890eko jauregi aristokratiko honetan, goi-mailako gizarteak ospakizun paregabeak egiten omen zituen. Bertako lorategi zabala ezin egokiagoa zen horretarako.

Kalitate handiko egoitza aristokratiko honen fatxadan, estilo britainiarreko zaldizain bitxia dago. Sarbidearen gainean dagoen zaldi-busto landuak adierazten digu zaldizainaren kokapen zehatza.

Olazabaltarren armarria, bestalde, eraikinaren albo batean dago.

Jauregiaren alboko kale osoa Elorrioko antzinako probaleku moduan erabiltzen zen; eta, gaur egun, Azoka-lekua da. Bertan, ganadu-azoka egiten da Ferixa Nagusietan.

 

Bainuetxeak

Kurutziagako gurutzearen ondoan. Berrio-Otxoa kalearen amaieran.

XIX. mendearen hasieran, bi bainuetxe sortu ziren Elorrion, udalerrian zeuden ur sufretsuen 5 iturriak, eta burdin uraren beste zenbait iturri ere, oso kalitate onekoak zirelako. Berehala, burges dirudunen artean modan jarri ziren, eta orduko atzeraldi ekonomikotik irteten lagundu zioten hiribilduari.

 

Belerin Bainuetxea edo “Baños Nuevos”, aurrez aurre daukagun Besaide enpresaren gaur egungo kokaleku berean zegoen. Trena agertu zenean, bainuetxeetarako bidea erraztu, eta bisitarien kopurua ugaldu egin zen.

Hirietatik zetozen turistek euren argazki-kamerak zekartzaten, eta, horri esker, garai hartako Elorrioko argazki ugari ditugu.

Bainuetxeen plaka Olazabal Jauregiaren (Modet) eta Urkizu Aldatsekua Jauregiaren artean dago, Kurutziagako gurutzearen ondoan.

 

Urkizu Aldatsekua Jauregia

Ibaikua kalea 7

Gaur egun, udalarena da, eta jubilatuentzako aisialdi-etxe moduan erabiltzen da. Mendearen hasieran eraiki zen, erretako Urkizutarren baserria ordezkatzeko.

Eguna berotsua bada, lorategiko zuhaitzen gerizpean babestea gomendatzen dizugu. Xehetasun erromantiko txiki batzuk, putzua, bidexken trazatua eta harresien ezaugarriak, esaterako, lorategi honen iraganeko distiraren erakusgarri dira.

Horrez gain, jaietako herri-bazkari handiak ere egiten dira lorategi honetan: “Sukalki eguna” eta kuadrillen bazkaria.

Lorategian, urrunetik ekarritako ehunetik gora urteko zuhaitzak daude; esate baterako, Himalaiatik ekarritako eta eraikineko eskaileran kokatutako zedro handia.

Urkizu Tola Jauregia

Calle Elizalde 1

 

Urkizu Tola Jauregia ia-ia landa-eremuan kokatuta dagoen hiriguneko etxe handien adibide ona da. Kasu honetan,izan ere, Elorrioko hiribilduko sarreran dagoen bidegurutzean dago kokatuta.

 

1900. urtearen hasieran, Tola de Gaytan markesak egin zuen azken jarduketa handia jauregian. Izan ere, kokapena ezin hobea zenez, balkoi eta begiratoki zoragarriak dituen etxea egin zuen, lorategiko eremu naturalaz gozatu ahal izateko.

Hasierako obra Agustín de Urquizu kapitainak sustatu zuen, 1677an.

Jauregi hau Bizkaiko bizitegi-arkitektura landu barrokoko eraikin nabarienetakoa da, eta bertako lorategietatik eman ahal izango duzu osteratxoa, udan bertara hurbiltzen bazara. “Musikaire” musikaldia ere bertan egiten da, sasoi berean.

 

Elorrioko jauregietako ateak irekitzen direla ikusi ahal izango duzu, eta mundu zabaleko musika, antzerki edo dantza arloko ikuskizunak garatuko dira zure begien aurrean, lorategiok eskaintzen duten ingurune ezin zoragarriagoan.

 

Ibilbidearen osagarri, “Maitasunaren iturria” eta bertako bista panoramikoak, eta Argiñetako hilerria ere ezagutu behar dituzu, Elorrioko hirigune historikotik hurbil-hurbil dauden bi leku magiko dira-eta.

Mapa Elorrio

Ibilbide tematiko gehiago ditugu  

Bestela, puntu interesgarri guztien mapa jaitsi eta zeure ibilbidea sortu dezakezu      

  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.