ARGIÑETAKO HILERRIA

Bizkaiko arkeologiaren esparruan lehen mailako ondare-elementua denez, ezinbestekoa da Erdi Aroko populaketa ezagutzeko.

Argiñetako gaur egungo irudiak ez dauka zerikusirik Goi Erdi Aroan zeukanarekin. Izan ere, orduan, Durangoaldeko beste hainbat kasutan bezala, eliza txikiaren inguruan kokatutako nekropolia zen, eta kalitate desberdinetako ehorzketak barne hartzen zituen, erkidegoko kideen ospe sozial eta hierarkiaren arabera. Hain zuzen ere, beheragoko mailakoak lurrean indusitako hilobietan lurperatzen zituzten, eta, gaur egun ere, badago haien lekukotasunik.

 

Nekropoli honek, ostera, badauka xarmarik, baselizaren barruko aldean nahiz kanpoko aldean elkartuta dituen hilarri eta hilobi guztiak kontuan hartuta. Haiei esker, K.o. VII. eta VIII. mendeetakoa dela jakin ahal izan dugu, nahiz eta pieza batzuk, inskripzioa dutenak, batez ere, IX. mendekoak izan daitezkeen. Hilarrion balio historikoa Ipar Pirinioetako beste testuinguru batzuetan aurkitutakoen parekoa da, Argiñetako nekropoliak antzekotasun ukaezinak dituelako haiekin.

 

Horretarako, esangura astraleko morfologia diskoidala eta apaingarriak gogoratu besterik ez dago, tradizio luzearen oinordekoak direlako. Horrez gain, Argiñetako zenbait inskripzio Bizkaiko eta, beharbada, Euskadiko kristau inskripzio zaharrenetakoak omen dira. Hori guztiori dela eta, orain dela zenbait hamarkada kristautasunaren agerpenak nahiz hedapenak sorrarazitako interesek ere eragina izan zuten nekropoli honetan.

 

Edonola ere, gaur egungo zundaketetako emaitzen arabera, badirudi tratamendu tematiko berria ezarri beharra dagoela Argiñeta inguruan eta, kristautasunarekin barik, Goi Erdi Aroko populaketa-dinamikekin lotu beharra dagoela. Izan ere, karbono 14 bidezko azterketetara bidalitako hiru laginek K.o. X. eta XII. mendeen arteko kronologia agertzen dute, IX. mendera ere aurreratu daitekeen arren. Hau da, 2010ean indusitako zutoin-zuloak gutxienez mende horietan eraikitako eraikinetakoak dira. Horren ondorioz, baieztatu egin da Goi Erdi Aroan eta Erdi Aro bete-betean okupazioa egon zela Argiñetan.

​​

HILOBIAK ETA EUREN INSKRIPZIOAK

Hilobiak eta hilarriak Oiz mendiko harrobietako hareharriaz eraiki zituzten.

 

Bi atal dituzte: pieza bakarreko kaxa antropomorfoa, eta teilatutxo moduko triangelu erako estalkia. Era guztietako neurriak dituzte, eta, batzuetan, bi elementuak ez datoz bat.

 

Interesgarrienak ezkerreko ilarako bigarrena eta hirugarrena dira, haien estalkietan irakurgai dauden bi hileta-inskripzioak Bizkaiko kokaleku kristauen agerpenari buruzko lekukotasun idatzi antzinakoenak direlako.

 

Honako hauxe agertzen da bigarreneko inskripzioan: “Obiit F(a)m¯ (u)l(u)s d¯ (e)i Paterna XVII k(l)ds Augustas” (Paterna, Jaungoikoaren mirabea, hil zen Abuztuko Kalendetako 17an).

 

Bestetik, honako hau azaltzen da hirugarreneko inskripzioan: “In De(i) Niomine Momus in copore bibentem /in era DCCCCXXI mi fecit/ ic dormit” (Jaungoikoaren izenean, Momus gorputz-bizitzan / 921. aroan (883. urtean) egin ninduen / Hementxe dago lotan”.

 

Bildutako hilobien batez besteko luzera 2 metro ingurukoa da: hamahiru kaxak neurri hori gainditzen dute; eta zazpik, ez. Dena dela, 1,83 metro baino gehiago dituzte. Barruko hutsarteen luzera (ehortzitako gizabanakoen altuerara modu erlatiboan hurbiltzeko aukera ematen dute) 1,63-1,97 metro artekoa da; sakonera, 0,32 metro ingurukoa; eta zabalerak, 0,60-0,70 metro artekoak.

 

Hutsarte antropomorfoko eta bainuontzi-kanpoaldeko kaxa batek bakarrik darama piezaren ezkerreko alboko perimetroa zeharkatzen duen ebakidura bakunaren bidez lortutako dekorazioa. Gaur egun oso galduta badago ere, zerra-hortzez beteta egon zen seguruenik, eta orla perimetral hozkatua eratuz, hilarrietan gertatzen den bezala.

​​

HILARRIAK

Multzoa baselizaren barrualdean dauden hamahiru piezaz osaturik dago. Kanpoko aldean, interesgarrienen bost kopia daude ikusgai. Haietako lau diskoideoak dira (70 zentimetro inguruko diametroa daukate); eta bat, triangeluarra.

 

Lehenengoetan, buru obalatu handiak nabarmentzen dira, buru estuetan bermatuta daudenez haien itxura antropomorfoa areagotzen dutelako. Irudikatutako ikonografia astrala da funtsean (zirkulu zentrokideak, luzapen erradialak, gurutze-formakoak, orla hozkatuak...). Izan ere, tradizio luzetik heredatutako apaingarriak dira nagusi, baina VI. mendearen amaierara arte lurraldean ezezagunak ziren Ipar Pirinioetako berezko eskema mentalen arabera daude interpretatuta.

ARGIÑETARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO   
LANDA-INGURUNEA EZAGUTU  
BAZTER BEREZIENAK EZAGUTU  
  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.