OFIZIO TRADIZIONALAK 

Gremioetan antolatutako lanbide ugari zeuden baina guztien artean, olagizonak eta errementariak ziren hiribilduko kontzejuan garrantzi sozial, ekonomiko eta politiko handiena eduki zutenak.

OFIZIO TRADIZIONALAK

Hiribildu berrian nekazaritzak zeresana izaten jarraitu zuen arren, bertako biztanleen bizibidea ez zen lurraren eraginpean egon, artisauak eta merkatariak zirelako, gehienbat. Gremioetan antolatutako lanbideak zeuden; hala nola, zurginak, harginak, saskigileak, larru-zurratzaileak, upelgileak, ehuleak edo ikazkinak. Hala ere, guzti-guztien artean, olagizonak eta errementariak ziren hiribilduko kontzejuan garrantzi sozial, ekonomiko eta politiko handiena eduki zutenak.

 

Burdinaren artisautza burdinaren industria bihurtu zen, eta burdinoletan manufakturatutako produktuak tokiko kontsumorakoak ez ezik, penintsulako, Europako eta Amerikako hainbat lekutara esportatzen hasi ziren, urteen joan-etorrian. Hartara, hiribildua sorrarazi zuen ibilbide komertziala sustatzeko helburua bete zen.

 

​1356an, Bizkaiko jaunak, On Tello kondeak, Elorrioko hiribildua sortu zuen bi helbururekin: defentsa moduan erabiltzea eta merkataritza sustatzea.

ARMAGINTZA

XV. mendearen amaieratik eta XVI. nahiz XVII. mendeetan, Elorrioko hiribilduak zeresan handia izan zuen arma zurien zein su-armen ekoizpenean. Litekeena da jarduera horrek tokiko burdinolen euren hastapenetan izatea jatorria.

 

Agirien arabera, XVI. mendearen amaieran pikak eta lantzak ekoizteko industria handia zegoen Elorrion. Hain zuzen ere, udalerriko lantzagileak ospe handikoak ziren. 1575eko txosten batean adierazten denez, hilero 3.000 inguru pika eta 1.500 lantza irteten ziren bertako sutegietatik. Arma horiek Karlos V.aren eta Felipe II.aren gudaroste inperialentzat ziren, eta, haien artean, Flandesko tertzioak zeuden.

 

Pikek 6 metrotik gorako luzera eduki zezaketen, Espainiako tertzioetan arauzko ohiko neurria 5,42-4,17 metro artekoa bazen ere. Horiek ekoizteko lizar-egur ugari behar zutenez, inguruko mendietan espezie horretako baso-masa handia zegoen, sasoi hartan.

 

Tokiko lantegietan, ordea, armak ez ezik, korazak, kaskoak, ezkutuak eta defentsarako berezko beste elementu batzuk ere ekoizten zituzten, eta, batzuetan, baita beste herrialde batzuentzat ere. 1555eko maiatzean, Joan García de Leanizek, Elorrion jaio eta bizi zenak, konpromiso-gutuna sinatu zuen armagintzako bost maisurekin, Portugalgo erregea zen Joan III.a Errukiorrarentzako 1.500 koselete (armadura oso) eta haien kasketak (kaskoak) ekoizteko.

ANTZINAKO OGIBIDEEN AZOKA  
OFIZIO TRADIZIONALEN AZOKA
  • YouTube - Black Circle
  • Facebook - Black Circle

Berrio Otxoa Kalea  15 

48320 Elorrio (Bizkaia) 

Harremanetarako

TURISMO BULEGOA

Jarraitu

TEL: 946 820 164   

E-POSTA: info@elorrioturismo.eus  

Informazio gehiago:

Elorrio,

denbora gelditzen den lekua.