

BI EGUN ELORRION
Familiarekin
Leti, Fernando, Nerea eta Ane gara, eta honako hauxe da Elorrion bizi izan genuen esperientzia.
Denetarik eskaintzen zigun nonbaitera joan nahi genuen: gune historiko polita, tokiko gastronomiaz gozatzeko lekuak, eta alabekin joateko landa-ingurune irisgarria. Erantzuna Elorrio izan zen. Beraz, asteburua familian igarotzera joan ginen bertara.
1. EGUNA
Elorriori buruz ezer ez genekienez, hiribilduko ibilbide audiogidatua egitea erabaki genuen, leku interesgarri guztiak ezagutzeko.

Errebonbilloa
Alabek Errebonbilloa izan zuten gustukoen, hau da, benetako tamainara egindako soldaduaren eskultura. Horrelaxe esaten zieten, kapitainak tiro egiteko ematen zien aginduagatik: Erre bonbilloa! Era berean, Lepantoko batailarekin zerikusia duela azaltzen duen kondaira ere badago.Horrez gain, urtero, Errebonbilloaren Eguna ospatzen da, eta herriko gazte batzuk soldadu jantzi eta salbak tirokatzen dituzte airera.
"Gastronomiaz eta naturaz familiarekin gozatzeko lekurik hoberena"
LETI SANTIAGO, Huesca
"Jara Etxea" Jauregia

Guk, ordea, jauregiak eta bertako lorategiak izan genituen gogokoen. Badirudi antzinako filmetatik atera dituztela, eta erraz-erraza da etxetzar horietan goi-mailako gizarteak egiten zituen jaiak irudikatzea. Haien artean, “Jara etxea” dut gogoan, hainbat eta hainbat argazki atera genituen-eta.
Pintxoak
Alabak gose zirenez, eta guk “euskal pintxo” gozoak dastatu nahi genituenez, herriko plazako terraza batean eseri ginen Basilikaren aurrean.
Taberna bera ere jauregia zen! Bazirudien beste mundu batera egin genuela bidaia. Behinolako jauregiz inguratuta ari ginen pintxoak dastatzen.

Kanpokaleko Atea

Elorrioko beste leku bitxi bat hiribildua babesten zuen harresi zaharraren ateetakoa da, “Kanpokaleko atea”, alegia. Bizilagunak dituen beste jauregi bati atxikita dago, nola ez! Arespakotxaga Jauregiaz ari naiz. Izan ere, hain botere handia zutenez, harresiaren zati bat ere eraitsi zuten jauregia eraikitzeko.
Arratsaldean, inguruko ohiko jatetxe batean jan ostean, bisitaldi audioguidatua egiten jarraitu genuen.
Tola Jauregia

Geldialdi harrigarrienetakoa Tola Jauregikoa izan zen. Bertako lorategi handia-handia ikustean, aho bete hortz geratu ginen. Lehenagoko tenis-pistaren aztarnak ere ikusi genituen lorategian. Geroago esan zigutenez, Bizkaiko bizitegi-arkitektura landu barrokoko eraikin nabarienetakoa da, antza denez.
Eguna behar den moduan amaitzeko, gomendatu ziguten tabernara joan ginen zertxobait jatera, eta, nola ez, bertako jendearekin ibili ginen solasean. Hiribilduko mito eta kondaira gehiago azaldu zizkiguten.
2. EGUNA
Bigarren egunerako, ezusteko handia prestatu genien alabei. Familia osoak natura eta animaliak gustuko dituenez, Alluitz Naturara joan ginen, “egunbetez artzain” izateko. Egun paregabea izan zen benetan.

Egunbetez artzain
Elorriotik 10 minutura-edo dago Abadiño, eta Alluitz Naturako instalazioak daude bertan, Alluitz mendiaren magalean, hain zuzen ere (horrexegatik du izen hori). Gainera, Urkiolako Parke Naturalaren barruan dagoenez, ingurune ezin hobea da landa-inguruneko bizimodua ezagutzeko eta jarduerak egiteko. Paisaia ezin zoragarriagoa da. Bertan atera genituen zenbait argazki ikusi besterik ez duzue, nolakoa den miresteko, baina zuzenean are liluragarriagoa dela esan beharra dago.
Esperientziaren hasieran, ardiak eskuz jezten lagundu genion Patxiri. Bai, bai, artzainak Patxi du izena. Izan ere, bilbotar honek hiritik alde egitea erabaki zuen behin, mendian bizitzeko eta ardiak zaintzeko. Artzain-ogibidea Youtuben ikasi zuela esan zigun. Egia ote?

Transhumantzia
Jezten ikasi eta Patxiren eguneroko zereginen xehetasunak ezagutu ondoren, transhumantziara joan ginen, hau da, osteratxoa eman genuen eremu natural zoragarri honetako zelaietan. Solaskide paregabea den Patxi ez ezik, ”Harri” ere izan genuen bidelagun, Border Collie arrazako artzain-txakurra, alegia.
Txakurra ezin trebeagoa zen latxen artaldea mugitzeko orduan. Patxik txistu egin, eta “Harrik” berehala mugitzen zituen ardiak larre batetik bestera. Harrigarria benetan!
Gatzatuen Tailerra
Artzaintzaren ostean, gatzatuak egin genituen. Lehen aldiz egiteko, gozo-gozo zeuden, latxa ardien esnearen zapore eta egiazkotasun osoa zuten-eta.
Itxaronaldian, gatzatuen ontzietarako apaingarriak egin zituzten alabek. Gure ustetan, oso jarduera egokia izan zen sormena lantzeko eta inguruneko balioak gatzatuetarako etiketen diseinu politen bidez igortzeko.
Piknika

Egunaren osagarri, hantxe bertan bazkaldu genezakeela esan zigun Patxik, mendira begira dagoen zelai handi-handian dauzkan mahaietan, hain zuzen ere. Piknik txikia generamanez, oso ideia ona zela iruditu zitzaigun. Laburbilduz, familian egin ditugun jarduera onenetakoa izan zen: dibertigarria bezain interesgarria. Gomendagarria, benetan.
Bideoa ikusi

Berrio Otxoa Kalea 1
48320 Elorrio (Bizkaia)
Harremanetarako
TURISMO BULEGOA
Jarraitu
TEL: 946 820 164 - 688 776 270
E-POSTA: turismoa@elorrio.eus
Informazio gehiago:
Elorrio,
denbora gelditzen den lekua.