
EGUNBETE ELORRION
Julia eta Ráulekin
Zenbait hilabetez buru-belarri lan egiten egon ondoren, apur bat gozatzeko eta lasaitzeko garaia zela erabaki genuen. Beraz, nora ezean irten ginen Burgostik, eta Elorriora iritsi ginen. Aurreko batean ere egon ginen bertan, baina hiribildua ezagutzeko denbora bakarrik eduki genuenez, inguruko zenbait leku bisitatu nahi genituen.

Arrazolako bide berdea
Paseatzea eta aire freskoa sentitzea nahi genuen eta horregatik, turismo bulegoan Arrazolako bide berdea bisitatzea gomendatu ziguten. Asmatze hutsa!
Bide berdea Anbotoren begiradapean igarotzen da, film batekoa dirudien ingurune paregabean. Aldaparik gabeko ibilbide atsegina da, eguneroko errutinatik deskonetatzeko ezinhobea. Benetan!
"Ezinezkoa dirudi horrenbeste txoko xarmangarri eta paisaia ikusgarri egotea hain distantzia txikian.
RAÚL HERRERA, Burgos.
Landa-inguruneko Ibilbide Erromantikoa
Ibilaldiaren ostean, eguneko menua jan genuen Elorrion, eta Argiñetara joan ginen. Bertan, ibilbide erromantiko ezin liluragarriagoa egiten hasi ginen.
Argiñeta

Lehenengo geldialdia Argiñetako nekropolian egin genuen, eta sor eta lor geratu ginen. Ez zitzaigun inoiz burutik pasatu ere egin horrelako leku magiko bezain iradokitzailea ezagutuko genuenik. Badirudi atari zabaleko museoa dela, eta osteratxoa emateko leku ezin egokiagoa ere bada. Horrelako lekuetan, denbora gelditu egiten da, inguruko bakeaz eta lasaitasunaz gozatzeko aukera izan dezazun.

Mendraka auzoa
Bigarren geldialdia Mendraka auzoan egin genuen, eta, txakolin-upategia zegoela ikusi genuenean, berehala hurbildu ginen botilarik saltzen zuten galdetzera. Zorioneko geunden, txakolina zutelako salgai, baina, aldi berean, upategia ezagutzeko bisitaldi gidatuak ere eskaintzen zituztelako.
Bisitaldiaren amaieran, gainera, txakolina eta pintxoak dastatzeko aukera ere ematen ziguten. Ezin gehiago eskatu! Mahastirako bistak miretsi eta Elorrion egiten den txakolin bakarra dastatu bitartean, Toscanako lekuren batean geundela sentitu genuen.
Berriozabaleta Iturria
Ibilbide erromantikoaren amaieran, “Maitasunaren iturrira” joan ginen. Ez dakigu iturri horri buruzko istorioa egiazkoa den ala ez, baina liluragarria da benetan. Irakurritakoaren arabera, goi-mailako gizarteko pertsona ospetsua izan omen zen Placido Manuel de Berriozabalbeitiak emaztea ezagutu zuen Perun. Jaioterrira itzuli zenean, emazteak herrimina zuenez, Perun zeudenak bezalako iturria eraikitzea bururatu zitzaion, etxean bezala sentitu zedin. Ez al da guztiz erromantikoa?

Iturria bera ederra bezain bitxia den arren, inguruko paisaia da onena. Hobe da ilunabarrean joatea, ingurunea are gehiago edertzen duen argi zoragarria dago-eta. Guretzat, oso une zirraragarria izan zen, baita inoiz ahazten ez diren oroitzapen horietakoa ere. Bai, Elorrion denbora gelditu egiten dela esan beharra dago, baina, batez ere, zenbait bazter magikotan. Ziur itzuliko garela!
Ah! Azken aholkua! Lo egiteko, landetxe edo nekazaritza-turismo batera joatea da onena. Jabeak ingurunea ondoen ezagutzen dutenak direnez, Elorrion ondoen gordeta dauden sekretuak azalduko dizkizuete.